03. Zainduz bilduma

01.Zainduz – Kalitatearen Eskuliburua. Adinekoen egoitzetan erabiltzeko eskuliburua

Hogei urte igaro dira Eguía-Careaga Fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa egoitzen arloan ebaluazioak egiten hasi zenetik eta esparru horretarako berariaz diseinatutako ebaluazio-tresna bat lehenengo aldiz lekuan bertan erabili zuenetik. Une hartan, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen lankidetza eskergari eta Txagorritxu Egoitzari esker izan zen posible hura, "Egoitzak bizitzeko dira" ("Homes are for living in"- HAFLI) metodoaren bertsio moldatua esperimentatzeko prest agertu baitziren. Jatorrizko bertsioa Britainia Handiko Osasun Saileko Gizarte Zerbitzuetako Ikuskaritzak prestatu zuen. SIIS aspaldi zebilen ebaluazio-gida irekia eta, aldi berean, adierazle kualitatibo sail bat egokitzen zitzaien oinarrizko printzipio eztabaidaezinen arabera antolatua aurkitu nahian, eta nahi horren erantzuna izan zen tresna hura.

Eskuliburu honetan deskribatzen den SIIS Kalitatea Zainduz – Kalitatea Bermatzeko Prozesua HAFLiren osagarri naturala eta koherentea da eta, metodo hark bezala, egoiliarren eskubideak errespetatzea eta arretaren kalitatea nabarmentzen dituen filosofia du oinarri. Baina xedea bestelakoa da. Metodo haren xedea egoitza-inguru jakin bateko disfuntzioak hautematea zen, hain zuzen ere, jarduerak exijitzeko moduko gutxieneko kalitate-maila bat lortzera bideratzeko; metodo hau, berriz, kalitate-maila hori agerikoa den egoitzetan baino ezin da erabili eta etengabeko hobekuntza bermatzea du helburu, hobetu daitekeen edozein alderdi definituz, disfuntzio bat izan edo ez izan, gero hobekuntza horiek lortzera bideratutako aldaketak proposatu, eztabaidatu eta adosteko. Erabiltzen den metodoa ere ezberdina da; izan ere, bigarren prozesuak egoitzako bizitzan zuzenean edo zeharka inplikatuta dauden interesatu guztiek aktiboki parte hartzen dutela bermatzen du, bai aldatu egin behar diren alderdiak erabaki behar direnean, bai bideragarriak diren alternatibak definitu behar direnean, eta parte-hartze hori interes guztiak ordezkatzen dituen Kalitate Talde baten bidez bideratzen da.

SIIS Kalitatea Zainduz – Kalitatea Bermatzeko Prozesua metodo irekia eta malgua da, egoitza bakoitzeko egiturak dituen behar jakinetara egokitu daiteke, eta oinarri duen filosofia goitik behera errespetatzea beste mugarik ez du. Prozesuaren diseinua aldendu egiten da kalitatea kudeatzeko eredu askok berezko izan ohi duten konplexutasun formaletik. Sinplea izatea helburu bat da berez, eta tresnak berak tresna erabiltzen duen inguruak –egoitzako bizitzak– eta tresna baliatzen duen zerbitzuaren xedeak –kalitatea hobetzeak– baino protagonismo handiagoa izatea saihestu nahi da.

Baina esan behar da egin nahi den analisia nabarmenki kualitatiboa izateak eta prozesuaren oinarrizko jarraibidetzat egoiliarren eskubideak errespetatzea hartzeak zaildu egiten dutela prozesua, bai abian jartzeko unean eta bai jarraipena ematean, eta, horrenbestez, ezin da, beste sistema batzuen kasuan bezala, modu estandarizatuan ezarri. Hori dela-eta, eta zuzen bideratu ahal izateko, batetik, egoitzako bizitza eta literatura espezializatuan "jardunbide egokiak" izenez ezagutzen diren jarraibideak ongi ezagutzen dituzten eta, bestetik, bere esperientzia, bere ezagutzak eta bere sentsibilitatea dela-eta disfuntzioak hautemateko eta alternatibak planteatzeko gai diren profesionalen laguntza behar da.

Aurkezten den ereduaren egungo bertsioa azterketa- eta esperimentazio-prozesu luze baten emaitza da. Lehenbizi, beste metodologia eta formulazio batzuk aztertu ziren, batzuk oso ezagunak, besteak beste, ISO 9001 araua edo EFQM Bikaintasun Eredua, eta beste batzuk egoitzetako kalitatea hobetzeko gure ikuspegitik hurbilago daudenak, Centre for Environmental and Social Studies in Ageing – CESSA izenekoaren "Inside Quality Assurance" eredua eta Norah Fry Research Centre delakoaren "Quality in Action" eredua. Literatura espezializatua aztertu ondoren, matrize metodologiko bat gauzatu ahal izan zen eta, esperimentu gisa, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eta Gizartekintza Gipuzkoako Foru Diputazioaren Gizarte Zerbitzuetako Sailak kudeatutako hainbat egoitzetan aplikatu zen. Horrekin, zalantzarik gabe, nabarmen hobetu ahal izan zen hasieran prestatutako tresna. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiegu bere garaian proiektu honetan parte hartu zuten bi erakunde horiei eta Ajuria, Aranako, Eibarko, Aguraingo, Tolosako eta Txagorritxuko egoitzetako zuzendari, profesional, egoiliar, senitarteko eta boluntarioei.

Bestalde, eta Kalitatea Zainduz – Kalitatea Bermatzeko Prozesuaren ezarpenaz haratago, uste dugu oinarri duen filosofia eta egituratzen duen analisi-, elkarrizketa- eta jarduera-metodoa baliagarriak izan daitezkeela edo inspirazio-iturri izan daitezkeela beste era bateko ekimenentzat, prestakuntzako, ebaluazioko edo azterketako ekimenentzat, besteak beste.

Laguntzaren kalitatea hobetzeko metodo hau argitaratuz emango dio hasiera Eguía-Careaga Fundazioak Zainduz - Koaderno Teknikoak sailari. Fundazioak espero du tresna baliagarria eta eraginkorra izango dela eta etengabe lagundu ahal izango duela egoitzetako bizi-kalitatea hobetzen, oso argi izanda, gainera, hobekuntzak, ezinbestez, egoitzetan bizi diren pertsonak diren bezalakoak izaten eta, ahal den neurrian, nola bizi nahi duten aukeratzen jarraitzeko baliabideak jartzea esan nahi duela.