01. Zer da FEC

Eguía-Careaga Fundazioa ikerketa- eta dokumentazio-lanetan ari da 1978tik Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Politikaren arloan, batez ere SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren bidez.

Fundazioaren helburu nagusia gizarte-ongizateko politikak, Gizarte Zerbitzuen antolaketa eta gizarte-ekintzan diharduten profesionalen jarduera hobetzen laguntzea da. Gaur egun funtsezko erreferentea da Gizarte Zerbitzuen arloko ikerketaren eta dokumentazioaren esparruan.

Urte hauetan, Fundazioak, SIISek egindako lanaren bidez, gizarte-politikei buruzko hausnarketa-prozesua eta jardunbide profesionala aberasten lagundu du, batez ere gaur egun agerikoak iruditzen zaizkigun baina bere garaian argitu, eztabaidatu eta onartu egin behar izan ziren kontzeptuak hedatuz eta sartuz, besteak beste, honako hauek: ahalmen urriko pertsonak lanaren eta hezkuntzaren munduan integratzea, zaintzaileei arreta berezia eskaintzea, arreta indibidualizatzea edo zerbitzuak eskaintzean kalitatea zaintzea, eta beti Gizarte Zerbitzuen ikuspegi normalizatzaile eta komunitario batetik. Eta bere lana, gainera, molde propioa eta zorrotza jarraituz egin izan du, mutur-muturreko posizioetatik aldenduta eta, maila tekniko edo politikoan, Gizarte Zerbitzuak planifikatu eta kudeatzean baliatu izan diren aukera guztiak errespetatuz.